Herriak

Munitibar- Arbatzegi- Gerrikaitz
Markina, Durango, Lekeitio, Gernika eta Bilborako bideak gurutzatzen diren lekuan dago Munitibar.
Gerrikaitz eta Arbatzegi 2 herri ezberdin izan ziren eta sarri izaten zituzten istilu txikiak, elkarrekin konpondu beharrekoak Zubialde zubian, bien arteko mugan, hitzegiten zituzten. 1882an. Urte inguruan herriak behea jota zeuden, gerrateko zorak eta ondorenak zirela eta, lepoa ezin jasota. Urte haietan hasiak ziren herri txikiak ere umeen eskolez eta heziketaz arduratzen, eta ezin ziren heldu maisu edo maistra ordaintzera. Horrelako estuasunak eraginda hasi ziren herri biak hartu-emanetan eta halako batean erabaki zuten herri bien arteko elkartasun osoa gauzatzea.
Gerrek utzi dute Munitibarren aztarna gehiago ere, Gerra Zibilean, 1937. urteko apirilaren 25ean, hegazkinek errepideko bidegurutzera jaurtitako leherkariek Arbatzegiko San Bizente parrokiako kanpandorrea kaltetu zuten. Leherkari bat teilatuko gailurrean jausi zen. Gero nazionalak sartu zirenenan, euren aurka jaurtikitako obus batek, hegoaldeko horman zulo bat eginez, bertan zegoen aldarea zatitu zuen, eta beste batek elizpea.
Elizez gain badaude hainbat ermita Munitibarren ere, San Kristobal ermita Oiz mendian kokatuta dago, itsas mailatik 791 metrora. San Kristobal, belarriko minen osagarri-laguntzailetzat hartzen da. Oiz mendiaren tontorrean kokatuta daude hainbat haize errota.
Txoko lasaia: Bengola Natur Energiaren parkea
Oiz mendiaren magalean Bengola Natur Energiaren Zentroa kokatzen da, Lea ibilibidearen sorreratik gertu. Energia berriztagarrien inguruko interpretazio zentroa da eta aisialdi kokaleku zabala ere badu.











